Osasuna
Ondo pasatuz
Mugituz
Lanean
Informazioa lortuz
Gizartean parte hartuz
Familian
Etxean
Erosketak egitean
Liburuak
Filmak
cd-ak

Ekimen kritikoa norbera eta kolektiboa elkarreraginean jartzen dituen prozesu bat da: pentsamolde kritikoa oinarritzat hartuta, egunero jardutea da guztiona hobetzeko eta errealitate bidegabe, manipulatu eta desitxuratu hau aldarazteko.

Ez dago gure esku erabakitzea agintari politikoen iniziatibak, ezta multinazionalenak edo finantza-fluxuenak ere; bai, ordea, egunero egiten ditugun ekintzez arduratzea.

Txikitatik, nork bere izakera eta erabakitzeko era moldatzen ditu –inguruak baldintzatuta-. Bere etika eta morala sortzen ditu horrela.

Hasieran erantzun eta ekintza egozentrikoak izaten ditugu, gure behar eta nahien araberakoak. Hortik haratago joan beharko genuke, baina bistan da heldu gehien-gehienok fase horretatik aurrera egin ezin da bizi garela, gizartearen dinamikaren morroi.

Ezarritako arau eta hitzarmenen menpe bizi gara, ingurukoen onespena lortzeko asmoz, zalantza egin barik.

Zuzen jokatzekotan, zein bide hartu beharko genuke, ordea? Hain zuzen, arauok zalantzan jartzen lagunduko gaituena, etika eta moral unibertsalen arabera ekinez (gainerakoen interesak geure interesekin uztartuz) eta aldi berean bakoitzak bere balioak sendotuz.

Eguneroko gure jarduera ez da hutsala. Honetaz jabetuta, zenbaitek uste dugu ezinbestekoa dela ezagutzea zerk jotzen duen gizartearen eta gure interesen aurka, eta zertan aldatu behar dugun jarduera hori garrantzitsutzat jotzen dugunarekin bat etor dadin.

Zernahi eginda ere, denak berdin antzera jarraituko duela dioskute ( Ez dago sistemaren aurkako alternatibarik ). Ez omen daukagu munta handiko kontuetan esku hartzerik. EdPAC-ek bultzatzen duen ekimen kritikoak, aldiz, agerian utzi nahi du errealitatea aldatzeko gauza garela, izan. ( Bestelako mundu bat badaiteke ).

Zein txokolate-marka erosi, hala egingo dugu (ala ez) kontsumo justu eta arduratsuaren alde; zein yogur aukeratu, hala lagunduko dugu publizitatearen sexismoa salatzen. Umearen gurditxoa trenera igotzen dugunean ozono-geruzako zuloa txikiagotzen dugu. Parte hartzen dugu politikan holako edo halako telebista saioa ikusteari uzten diogunean.

Hala, motorraren gasolina, edo banketxea, edo musika, edo alabaren ahia aukeratzen ditugunean, bizimodu baten aldeko hautua egiten dugu. Eguneroko ekintza horiek zenbateko garrantzia duten jakinda geure balioetan oinarrituta biziko gara, eraginkorrak izango gara gizartean eta herritarron elkarlanak berau aldarazteko bide egingo du.